Urretxuko eta Alemaniako gazteek, elkarrekin sormena lantzen

Wiesbaden hiritik etorri dira, Erasmus+ egitasmoaren eskutik

Urretxu, Alemaniako Wiesbaden hiriarekin elkarlanean ari da Erasmus+ egitasmo baten bitartez. Duela hilabete batzuk, Urretxuko gazte talde batek Alemaniara egin zuen bisita, eta orain, alemaniarrak Urretxuko gazteen etxean daude, uztailaren 13ra arte luzatuko den egonaldia burutzen. Guztira, Urretxuko 13 nerabe eta 3 hezitzaile, baita Wiesbadeneko 11 partaide eta 3 hezitzaile ere, elkartruke honetan parte hartzen ari dira.

Apirilean hasi zen elkartrukea, Urretxuko gazteen bisitarekin. Orain, Wiesbadeneko taldeak Urretxu ezagutuko du, bertako kultura, hizkuntza, ohiturak eta jendea gertutik ezagutzeko aukera izango dute. Astearte goizean, Urretxuko udaletxean hartu egin dituzte, Jon Luqui alkateak eta beste zinegotzi batzuek lagunduta. Alkateak adierazi du Erasmus+ bezalako egitasmoek ez dutela soilik bidaiatzeko aukera eskaintzen, baizik eta elkar ezagutzeko eta beste errealitate batzuk ulertzeko aukera ere badutela.

Aurtengo edizioaren ardatza sormena izanen da. Urretxuko Udalak adierazi du sormena ez dela bakarrik artearekin lotutako kontzeptua, baizik eta galderak egiteko, irudikatzeko eta ekintzetara igarotzeko gaitasuna ere baduela. Egoaldi honetan, gazteek elkarrekin sormena landuko dute.

Antolatzaileek zazpi eguneko egitarau zabal bat prestatu dute, gazteek Urretxu eta inguruko herriak ezagutzea, ikastaroetan parte hartzea, bisitak eta jarduerak burutzea ahalbidetuz. Gaur goizean, udaletxeko harreraren ondoren, herria ezagutzeko ginkana egin dute. Ondoren, Pagoeta igerilekura joan dira eta arratsaldean batukada ikastaroa izango dute. Astearteko gauean, Kidam magoaren ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dute Labeaga aretoan.

Asteazkenean, zirku tailerra egingo dute eta arratsaldean, Lazkaoko Iztueta baserrira bisita egingo dute. Ostegun goizean, Ezkioko Igartubeiti baserria eta interpretazio zentroa ezagutuko dituzte, eta arratsaldean Debara joango dira, hondartzan surfean aritzeko aukera izango dute. Ostiralean, Donostiara joango dira, Tabakalera bisitatuko dute eta hiria ezagutzeko denbora libre izango dute. Larunbatean, gastronomia lehiaketa egingo dute Gazte Bidean eta egunaren amaieran agur afaria eta festa egingo dira.

Aste bukaerako ekitaldiak igandean izango dira, goizean Santa Barbarara joango dira eta arratsaldean igerilekuaz gozatzeko aukera izango dute. Urretxuko Udalak eskerrak eman nahi dizkie elkartruke hau posible egin duten guztiei, antolatzaileei, hezitzaileei, boluntarioei eta proiektuan parte hartu duten pertsona guztiei. Udalaren iritziz, horrelako egitasmoek Europa hurbilagoa eta biziagoa bihurtzen dute, gazteei beste herrialdeetako errealitateak ezagutzeko eta harreman berriak sortzeko aukera emanez.