Urretxun San Joan egunean erromeria
Urretxuko Santa Barbaran, urteko erromeria ospatuko da San Joan egunean, urretxuarrek ohiko moduan. Dena prest dago eta Udalak hainbat informazio helarazi ditu herritarrei. Harrizko mahaien zozketa asteazkenean egingo dute. Izena emateko azken eguna asteartea da, kultur etxean bertan.
San Joan egunean autobus zerbitzua Santa Barbarara joateko, 10:00etatik 20:30ak arte egongo da. Geltokia Labeaga 14an (Jose Mari Lasa plaza) izango da. Kotxean igotzea nahi izanez gero, paseak Udaletxean eskatu beharko dira ekainaren 11tik 19ra, astelehenetik ostiralera 07:00etatik 21:00etara eta larunbatetan eta igandeetan 09:00etatik 21:00etara. Santa Barbarara igotzeko Pagoeta auzoko errepidea erabiliko da. Nekolaldetik Santa Barbarara igotzeko bidea moztuta egongo da, eta baimenik ez dutenek Erratzu poligonora bakarrik igo ahal izango dute.
Herri bazkarirako txartelak kultur etxean salgai daude, hilaren 16ra arte edo agortu arte: helduentzako menua 28 eurokoa da, eta 12 urtetik beherakoen menua 14 eurokoa. Helduek itsaskiz betetako piperrak, penka onddo saltsarekin eta sahieskia jango dituzte, eta haurren menua makarroiak tomatearekin, oilasko bularkia patata frijituekin eta Danonino izango da. Ogia eta freskagarriak ere izango dituzte.
Azkenik, San Joan herri dantzarako entseguak ekainaren 16an eta 18an izango dira, 20:00etan Lizeoko gimnasioan. Udala Santa Anastasiako jaiak prestatzen ari da, eta lehiaketa bat iragarri zuen egitarakoa aukeratzeko.




